XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); eskudo harro bat dute beren kopetaren erdian; harri dotore hoietan, uste haundiz gordetzen dute gezalatarrek asaben izen ta gomuta.

Gezala neguan Gezala izaten da.

Udan, berriz, herri unibersala, turista asko joaten delako hara.

Neguan hizkuntza bat entzuten da: espainola.

Udan, ostera, anitz: frantzesa, alemana, inglesa, italianoa, holandesa, espainola... Herri paketsua da Gezala neguan.

Udaldian, ordea, hara atseden hartzera joaten direnak ez dute paketan uzten.

Gaur oso paketsu dago, itxura batean.

Kaleetan ez da inor ageri.

Aiuntamentu aurreko plaza zabala ere uts-utsik dago.

Laurak eta bost dira hango erlojuan.

Gizon bat dago arkupetan, geldi-geldi ta haserre itxuraz, gabardina zurizka baten barruan.

Txakur urdin-nabar haundi itsusi bat ageri da haren ondoan bere mihin luze ta hortz luze ta zorrotzak gorabeheraka dituelarik.

- Jantzi mozorro hau, badaezpada - esaten dit Urdek, eta zezen-txakurraren irudia duen karatula bat ematen dit jazteko.

Urdek berak ere berdintsu bat jazten du.

Beste gizon bat dator Arkupetan dagoen gizonarengana hurbiltzen da.

- Agertu ahal da Jopu? - galdetzen dio.

- Ez -ihardesten dio hark idorki ta garrazki.

Gezalako kaleak utsik dagoz, baina argitan.

Argitan dagoz etxeetako lehio guztiak ere.

Txakur zaunka hots izugarria entzuten da, orain, alde guztietatik.